"Ahotsa da gizakien sukaldea"
    Harkaitz Cano


    (narrazioa)
    40 orrialde

Zuretzat espreski idatzi eta inprimatutako liburuak dira hauek.
amukoak bildumako liburuak doan jasoko dituzu
Susaren web guneko dendan erositako liburuekin batera.
Ondoko testua liburuko pasartea da.

 

  — Begira nor dagoen hor! Margot! Margot, zatoz hona...! Margot, hara, hau Pablo da, nire anaia. Pablo, Margot: Marilynen euskarazko bikoiztailea izan zen Apartamentua pelikulan.

        — Urte askotarako, Pablo. Bikoiztailea zara zu ere?

        — Ez.

        — Pablo idazlea da.

        — O, zeinen interesgarria. Zer idazten duzu... Teatroa?

        — Denetik.

        — Libururik baduzu? Baduzu zerbait argitaraturik?

        — Zerbait bai.

        — Tira... Barkatu baina utzi egin behar zaituztet, Moises ikusi dudala uste dut. Badakizue? Zurrumurruen arabera Bogarti ahotsa jartzera doa Casablancaren bikoizketa berrian... Gero arte mutilak!

        — Moises kabroia. Beti berdina egiten dit. Ikusi duzu nola begiratzen zion zeharka gurekin hitz egiten zuenean ere? Neska honek lokietan ere begiak ditu.

        — Ezin duzu Humphreyrekin lehiatu, anaiatxo.

 

Isilune baten ondoren

 

        — Hor ikusten duzu, Madonna kubista bat baino karmin gehiago ezpainetan... Baina ez pentsa, badu bere alde iluna ere... Margot bere buruaz beste egiten saiatu zen, kruzero batean.

        — Itsasora bota zuen bere burua?

        — Ez, ontziko piszinara.

        — Hutsik zegoen?

        — Beteta, baina ez zen ito.

        — Ez al da arraroa bere burua itsasora bota beharrean itsasontziko igerilekura botatzea?

        — Horixe esan zion kapitainak: suizidatu nahi bazenuen hortxe zenuen itsas zabala... Berak zera erantzun zion: "Nire burua hil nahi nuen, ez arrainen bazka izan".

        — Kabroia.

        — Zer?

        — Hori Hitchcocken film bateko pasartea da.

        — Bai, egia... Harrapatu nauzu. Baina Margotek bikoiztu zuen film hori ere.

 

Isilune baten ondoren

 

        — Zergatik zara hain isila, zergatik ez duzu parte hartzen elkarrizketatan? Alfer-alferrik aurkeztu dizut Margot... Eta neska itzela da gero... Itzela! Ez dut ulertzen, benetan. Nirekin oso hiztuna zara, tipo okurrentea, baina ez duzu soziedadean paseatzeko balio...

        — Nahi duzuna soziedadean paseatzea bada, erosi zakur bat.

        — Kia, atera da Pablo zakarra, barruan duzun troglodita... Zu beti izan zara horrelakoa, hamabost urte zenituenean ere horrelakoa zinen... Silaba bakarreko hitzekin erantzuten zenuen, Gabonetako afari haietan ere ez zenuen hitz egiten, deus ez.

        — Zuk ez dakizu zer den hori. Zuk egundoko ahotsa daukazu.

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus